XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Banekien neurrigabekoa eta gehiegizkoa zela gutizia hura ezagutu berri batentzat, baina ezin geratu nuen antsia oldartsu hura inola.

Jertsea zuzenki eskatzera ausartu gabe, neure desioa uler zezan saiatu nintzen, ez naiz ondo oroitzen nola.

- Esan dizut lehen. Nire lagun batentzat da, nire lagunarentzat hobeto esanda.

Goiak jo zuen supituan behea, itsasoa harrotu eta goibelagotu egin zen arratsaldea.

Ipurpeko eserlekua ere ezeroso hasi zen agertzen, hostoak itxi berri zituen mimosaren pean.

Galdurik sumatu nuen neure burua eta zer egiten duk hemen babua? galdegin zidan barrenak.

Lotsatu egin ninduen nor zen ere ezagutzen ez nuen emakumea desiratzen hasi izanak.

Lotsatu, haren mataza eskutan euki izanak.

Nola ausartu nintzen ezezagun haren aurrean malkoak askatzera?

Alde egin behar nuen handik berehala.

Aski nuen horretarako gezurtxoren bat asmatzea, ospitalean hasi beharra neukala aipatzea, esate baterako, baina lehen ere esan dut ez dakidala gezurrik esaten.

Katramilatu egin nintzen, lotsagarri, beharrik ez zegoen lekuan.

Barretxo bat egin zuen Ritak, elkarrizketa eten ezinik, agur nola esan asmatu ezinda nenbilela konturatu zenean.

- Zoaz lasai, gizona. Asko poztu nau zu ezagutzeak -esan zidan bere aurpegi beltzaska argituz.

- Ni ere bai Rita. Agur. Beste bat arte.

Parkea bizkarrean laga ahala, gero eta jabetzenago nintzen, han, mimosaren hegaleko jarlekuan jazotakoa aparta izan zela niretzat eta beste batzuk ezagutu banituen ere, Rita besteko emakume osorik ez nuela kausitu sekula.

Haren ahotsak gozatzen zuela, eta aldi berean aztoratzen, nire barren terrala.

Egiazko oinarririk ez neukan horretara pentsatzen jartzeko, elkarren artekoa ez baitzen azaleko harreman hasi berria baino izan.

Hala ere, azaletik antzematen zaio haranari nolakoa duen mamia eta halako zerbait gertatu zitzaidan niri ere Rita ezagutu nuenean: ataritik bertatik ikusi nuen etxe hark zeukan barnealdea, palazio bati zegokiola.

Hala iruditu zitzaidan niri, behintzat.